(Euskara) 2012 urteko balantzea

Algorri, Zumaiako Natur Baliabideen Interpretazio Zentroak 10.130 bisitari jaso zituen 2012 urtean zehar, aurreko urtean baino 1.000 bisitari gehiago.

Algorrik Interpretazio Zentroak antolatzen dituen bisita gidatuen bidez, Zumaian dauden naturguneak eta ondare geologikoa ezagutu eta aztertzeko aukera izan zuten bisitariek. Interpretazio Zentroaren muina hezkuntza da, eta 2012ko datuetan ere hori islatu da: 2012 urteko ekitaldian ikasleak izan ziren Algorriko hartzaile nagusiak; 10.130 hartzaileetatik 5.901 ikasleak izan ziren, hau da, bisitarien %58a. Honi jarraiki, zentroa euren kabuz bisitu zuten bisitariak hartzaileen %18a izan ziren, eta azkenik, talde partikularren bidez etorri ziren bisitariak hartzaileen %24a.

Ikastetxeei dagokionez, Algorrik eskaintzen dituen unitate didaktikoak Zumaiako natur ondarea balioan jarri eta ingurumena zaintzeak duen garrantziaz kontzientziatzia dute helburu. Eskaintza didaktikoen egitarauek interpretazio zentroari bisita, oinezko zein itsasontziko irteera gidatuak eta era askotako tailer didaktikoak barneratzen dituzte. 2012an bereziki harrera ona izan zuen Batxilergoko ikasleei zuzendutako “Euskal Herriko historia geologikoa”ren tailerrak; non ikasleek era didaktiko, azkar eta autonomo batean gure historia geologikoaren eta gure mendiak osatzen dituzten arroken oinarrizko kontzeptuak ikasi zituzten, gure orografiaren eta inguratzen gaituen paisaiaren ikuspegi berri bat eskuratu zutelarik.

2012an hezkuntza eskaintza Lehen Hezkuntzatik Batxilergora bitarteko ikasleekin garatu zen batez ere. Baina honez gain, Goi Mailako Heziketa Zikloko, Unibertsitateko zein 3. adineko ikasleekin ere programa bereziak burutu ziren. 2012an aurreko urtearekin alderatuz ikasle kopurua %17 igo zen. Ikastetxe talde gehienak udaberria eta udazkena garaian etorri ziren, baina aurreko urteekin alderatuz, 2012ko neguan inoiz baino ikastetxe talde gehiago jaso zirela ikusi da.

Ikasle talde gehienak Gipuzkoatik etorri ziren, eta hauen atzetik Bizkaia, Nafarroako eta Arabako ikasleak etorri ziren. Badira ikasketa bidaia aitzakia hartuta Algorri bisitatu zuten estatuko nahiz atzerriko ikastetxe taldeak ere; besteak beste, Katalunia, Burgos, Alemania eta Frantziako ikasleen bisitak jaso ziren 2012an zehar. Turistei dagokionez, aurreko urtearekin alderatuz, zentroko barne bisita burutzen duten bakarkako bisitarien kopuruak beherakada txiki bat jasan zuen (%9a) eta talde partikularren bidez jasotzen diren bisitarien kopuruak aldiz igo egin zen, %15a hain zuzen. Talde hauen bisitak batez ere uztaila eta abuztua bitartean jaso ziren.

Zentroak bestelako jarduerak ere bultzatu zituen 2012an zehar, herritarren parte hartzea bultzatu eta interpretazio zentroa dinamizatzeko helburuarekin. Esaterako, oporraldietan edo herriko festetan gauzatu ziren doako ekintzak edota erakusketa ibiltariak. 2013 urteari begira, urtero herriko festetan antolatzen diren ekintza ludiko-didaktikoez gain, hilabete bakoitzeko lehenengo larunbatean ingurumenarekin loturiko egun esanguratsuak ezagutzera emateko, haur zein helduei zuzendutako ekintzak antolatzea aurreikusten da. Honelako ekintzen berri emateko “Algorriko lagunak” atala sortu berri dute Algorri Interpretazio Zentroan. Beraz, 2013an zehar antolatuko diren ekintza hauen berri izan nahi duten herritarrek alta eman dezakete “Algorriko lagunak” atalean algorri@zumaia.net helbidera mezu bat bidaliz. Honela, zentroak eskaintzen dituen ekintzen inguruko informazio pertsonalizatua jaso ahal izango dute.

Algorri Interpretazio Zentroa 2005 urtean ireki zen, eta ordutik hona 64.000 bisitari baino gehiago jaso ditu.

adminalgorri

Iruzkindu

You must be logged in to post a comment.