BALEIKE: “Itzurunen kendutako gauzak berriro bere lekuan jartzeko konpromisoa erakutsi du ekoiztetxeak”

Pasa den astean Santelmopera bidean zegoen petrila eraisteak giroak nahastu ditu herrian eta aurretikGame of Thrones telesailaren inguruan zalantzak bazeuden, gertaera hark areagotu besterik ez zituen egin. Horren aurrean, Udalak deituta, bilera ireki bat egin da gaur arratsaldean Alondegian.

Tronos 2016 enpresako Peter Welter gaurko bileran hizketan. | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilera honetan izan dira Madrilgo Ministerioko Kosta Zuzendaritzako Gipuzkoako ordezkari Andres Molina, Jon Zulaika, Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumeneko teknikaria, Oier Korta alkatea eta HBO ekoiztetxe estatubatuarrarekin lotura lanak egiten ditun Tronos 2016 enpresako kideak, haren buru Peter Welter buru zutela.

Zumaiak aurretik beste ikus-entzunezko batzuk jaso baditu ere, Kortak onartu du telesail honek adinako ikusminik ez dutela besteek eragin. “Produkzio honen tamainak egonezina eta zorabioa sortu du, ez herritarren artean bakarrik, baita udaletxean ere”, onartu du alkateak. “Jendeak jakin nahi du zer egingo den eta noiz”.

“Tronos 2016 enpresak ezin du informazio askorik eman eta hori izan da izan den informazio faltaren arrazoia”, gehitu du. “Game of Thrones errodatu den beste herrietan ez da honelako bilerarik egin, ezta hitzarmen publiko egin ere. Enpresa berak ere ez dio sona handiegirik eman nahi izan, ikusmen gehiegirik ez sortzeko”.

Ekainaren lehen egunetan izandako lehen harremanetik orainartera bitarteko laburpena egin du Kortak. “Udan zituzten beharren berri eman ziguten eta Itzurunen egin nahi ziren lanen berri eman ziguten”. Lan horien artean hondartzaren goialdean dauden hiru aulki kentzea, ezkerraldean dagoen horman argi koadroa kentzea eta seinaleak kentzea zeuden. “Petrila kentzea ere eskaeren artean zegoen. Kosta Zuzendaritzan planteatu zen eta esan ziguna izan zen horma hori flyscharen gainean zegoela eta kentze aurreikusten zela. Game of Thrones-ek, berriz, gauzak berriro bere tokian jartzeko konpromisoa erakutsi. Baita hobetzeko ere”. Konpromiso horren baitan ez da agertzen petrila berriro egitea.

Grabazioa 24tik 29ra

Zazpigarren denboraldi honetarako eszenen grabazioa urriaren 24tik 29ra bitartean egingo dela ere jakinarazi zuen, goizeko 6:00etatik 22:00etara bitartean. “Egun horietan hondartza itxita egongo da eta labarretarako sarrera mugatuta egongo da”. Hondartza lehenagotik itxiko denaren zurrumurruak zabaldu dira azken asteotan. Zurrumurru horiei kasurik ez egiteko eskatu du.

Larretxoko bizilagunei bertakoentzako txartelak banatuko zaizkiela ere adierazi du. “Egun horietan Larretxoko behekaldean, Itzurun tabernaren aurrean, kontrola egongo da eta txartel horiek dituztenak bakarrik izango dute igotzeko aukera”.

Game of Thrones-en grabazioa Zumaiarentzako positiboa izango dela esanaz amaitu du alkateak.

Tronos 2016 enpresako ordezkari Peter Welterrek hartu du jarraian hitza. Hasteko barkamenak eskatu ditu eta izandako zalaparta gaizkiulertuen ondorioa dela aipatu du. “Horregatik antolatu dugu bilera hau, aurpegia ematea gustatzen zaigulako. Atzerriko ekoiztetxeekin zubilanak egiten dituztela esan du jarraian eta, Games of Thrones-ez gain, beste telesail batzuekin ere lan egin dutela gaineratu du.

Lan egin duten herriei turismoak sortzen duen aberastasuna ekarri dietela ere esan du. “Zineari lotutako turismoa dago, eta jende hori telesailak edo pelikulak errodatu diren lekuetara joaten dira”. Herri horien “enbaxadoreak” direla gehitu du.

“Errespetua jendearekiko eta inguruarekiko”

Errespetua hitza behin eta berriro erabili du. “Errespetua jendearekiko eta inguruarekiko eta baita lankidetza administrazioekin, erakundeekin eta komertzioekin. Erretako lurraren politikak ez digu balio berriro bueltatu nahi badugu”.

Aurrez babesguneetan lan egindakoak direla ere esan du Welterrek. Bai naturguneetan (Bardeak, Doñana, Cabo de Gata), baita balio handiko guneetan, Sevillako Alkazarren eta Bartzelonako Parque Güell-en, hurrenez hurren. Horregatik lasai egoteko eskatu du. “Adeitsuak gara eta Zumaian ere hala izango gara. Administrazioekin batera zerbait egin badezakegu ingurunea hobetzeko, hori egiten saiatuko gara”.

Errodajea Zumaiara etorriko zela jakin eta berehala, zenbait lanpostu sortuko zirela esan zen. Tronos 2016ko langileek ez dakite ziur zenbat langile kontratatu dituzten. “Errodaje egunak heltzean handitu egingo da. Elektrizistak, linterneroak, peoiak, segurtasunekoak… Itsasoko aholkulariak ere kontratatu ditugu. Grabazioan erabiliko ditugun ontziak Zumaiakoak izango dira eta hornitzaileak ere bertakoak dira”. Figuranteei dagokionez, 20 bat erabiliko direla esan du. “Gidoiaren arabera doa. Nahi bai guk gehiago erabili!”.

 

ITURRIA: BALEIKE

adminalgorri

Iruzkindu