Joan zen larunbatean, martxoak 15, Zumaiako Zuhaitz Eguna ospatu zen Zumaiako Udaleko Ingurumen Sailak antolatuta. Udalaren helburua berezko landaretza berreskuratzea da, eta horretarako, tokiko espezieak landatzeko gonbitea luzatu zitzaien adin guztietako herritarrei. Bedua inguruko ibaiertzean pantaila naturala sortzeko asmoa dago, eta ekintza horren barruan egin zen aurtengo Zuhaitz Egunaren deialdia. Inguru horretan hegazti ugari elkartzen dira, eta ibaiertzera hurbiltzen dira babes eta janari bila. Ondoko pasealekutik ibiltzen den jendearekin ez beldurtzeko, bertako zuhaitzez osatutako pantaila naturala osatuko da.
Eguerdiko 12:00etan Ignacio Zuloaga plazan elkartu zen 100 lagun inguruko taldea, eta Basusta inguruko eremura oinez joan ziren. Bidegorritik, ur araztegiaren ondora iritsi zen taldea. Prest zituzten aitzurrak, zuhaitz aleak eta zuloak. Aitor Leitza ingurumen zinegotziaren azalpenak entzun ondoren, tokiko espezieak landatzeari ekin zioten. Landatutako espezie guztiak tokikoak izan ziren, bertako hazitik jaiotakoak: tamarizak, elorri beltza, zuhandorra, gartxu hostozabala, eta zenbait zume mota. Hain zuzen ere, zume horien artean, zume hauskorra da Zumaiako herriari izena ematen diona. Parte-hartzaileei mokadutxoa eskaini zitzaien egindako lana eskertzeko, eta hondakinen sorrera murrizteko helburuarekin, norberak bere edaria eramateko eskaria luzatu zitzaien. Eskerrik asko bertaratu ziren guztiei, ingurumenaren aldeko konpromisoa berresteagatik!