Harraldea, Biotopo Babestua

Itsasoak labarretan higadura bortitza eragiten du. Kosta lerroaren atzeratze azkarraren ondorioz harraldea izeneko eremua sortzen da labarren oinean, itsasbeheran agerian geratzen dena. Zumaia eta Deba arteko harraldea gainera, Europako handienetarikoa da.

Itsasoak arroka mota ezberdinetan sortzen duen higadura diferentzialak ingurune honetako egitura esanguratsuak eratzen ditu: haran esekiak, ur jauziak, harri biribileko hondartzak eta brankadak.

Paisaia aldetik ikusgarria izateaz gain, euskal kostaldeko ekosistema polit, aberats eta konplexuenetarikoa da, eta bertan, muturreko bizi baldintzetara egokitzea lortu duten 200 espezie inguru bizi dira: besteak beste, algak, anemonak, ostarrenak (itsas trikuak), olagarroak…

Eremu hau Biotopo Babestua izendatu zen 2009an, tokiak duen balio biologikoa, ekologikoa eta geologikoa babestu eta kudeaketa iraunkor bat emateko helburuarekin.

plataforma
4
1
2
3

Urola
Itsasadarra

Urola ibaia Aizkorri mendigunearen magalean jaio eta 60 km-ko ibilbidea egin ondoren Zumaian itsasoratzen da. Oikiatik aurrera ur gaziekin nahasten hasten da, itsasadar bihurtuz. Meandro handiak eta alubioi-terraza oparoek osatzen dute paisaia, eta Urola itsasadarrak izen bera daraman Europar Batasunak Babestutako eremua da Natura 2000 Sarearen barruan. Babestutako eremuak 102 hektareako azalera hartzen du.

natura2000

ARTADIA

Itsasadarraren eskuinaldean, klima mediterranearrean ohikoa izaten den basoa aurkitzen da. Artadi kantauriarrak malda handiko hegalak estaltzen ditu, kareharrizko substratuetan finkatzen diren baso itxiak eratuz, eta hegazti nahiz ugaztun askoren elikagai iturri eta bizilekua da.

PADURA

Padura ibaiaren itsasoratzean kokatzen den ekosistema da, ibaiak garraiatutako lokatz eta harea pilatzen den eremua. Aldian-aldian itsas ur gaziaren eta ibai ur gezaren gaineztatzea jasaten duten landareek estalitako lur eremu limotsuak dira.

Bedua inguruan meandro zabal politak deskribatzen dira eta ingurua hegazti migratzaile askoren atsedenleku garrantzitsua bilakatu da.

DUNA

Santiago hondartzan duna eremu zabal bat dugu, Gipuzkoan azalera handiena hartzen duena. Dunek dituzten ezaugarri bereziak direla eta (lur mugikorra, gazitasun altua, ur gezaren falta, etab), ekosistema oso hauskor eta dinamikoa osatzen dute. Hori dela eta, bere baitan interesezko landare eta animalien komunitateak agertzen dira. Horietako espezie batzuk Zumaian bakarrik aurki daitezke.

GOGORATU

  • Errespeta ezazu lehorreko nahiz itsasoko flora eta fauna.
  • Ez itzazu fosilak bildu; laginketa geologikoa araututa dago.
  • Ez zaitez seinalatuta dauden ibilbideetatik atera.
  • Ez bota hondakinik lurrera.
  • Hondakinak gaika sailkatu
  • Kanpaldia debekatuta dago
  • Animaliak lotuta eraman behar dira
  • Animalien gorotzak bildu egin behar dira
  • Surik ez da piztu behar babestutako eremuan
  • Babestutako eremuetan jolastea debekatuta dago
  • Isiltasuna mantendu

Informazioa eta erreserbak:
info@algorri.eus
943 14 31 00
www.algorri.eus

logoak-algorri